2020(e)ko apirilaren 17(a), ostirala

Elkarrizketa: Rotten XIII

1.- Elkarrizketakin hasteko, aurkeztu taldekideak, eta azaldu ze instrumentu jotzen dituzuen eta zertan jarduten duzuen astean zehar.

Rotten Amairu; Endika ahotsarekin, Irati eta Patxi kitarretan, Javi baxuarekin eta Amaiur
bateriakin osatzen dugu. Astean zehar lanean gabiltza denok, batzuk fabriketan, besteok
komunikazioan eta irakaskuntzan.

2.- Noiz eta nola sortu zen taldea? Zaila izan al da gaur egunerarteko bidea? Zergatik taldeari
izen hori?

Taldea 2017ko bukaeran - 2018ko hasieran hasi zen jaiotzen, taldekideok Oi! musikaren inguruko estiloak jorratu nahi genituelako gehienbat. Zaila baino, lan asko egin behar izan dugu urte batean disko luze bat konposatu,grabatu eta aurkezteko. Dena oso azkar joan da eta pozik gaude orain arteko ibilbidearekin.

Izenaren kontuan gauza asko daude...berez ez du esanahi orokor bat, baina printz desberdinak
daude han hemenka. Rotten-ek usteldua esan nahi du, eta Amairu, jakina den bezala, zorte
txarrari lotutako zenbakia izanki, rock’n rollaren imaginarioan erabili izan da beti galtzailearen
patuaren sinbolo bezala. Bestalde, zenbakiak berez duen “h” hori kendu nahi izan genion “Ez
dok Amairu” 60. hamarkadako berpizkundea sustatu zuten horien omenez. Gure eragin
nagusienetako bat da eta hala islatzen dugu, adibidez, diskaren izenburuan. Euskal musikaren “glory days” haien ondorengo ustela gara.

3.- Talde hontaz aparte taldekideak beste zein taldetan jotzen dezue edo jotzen zenduten?
Talde hauen egoera nolakoa da?

Endikak Zartako-K-n abesten du,eta aurten haien hamargarren urteurrena ospatzen ari dira.
Javi eta Patxi-k Patada Oi! izena zuen talde bat izan zuten, baina gaur egun ez dago aktibo eta
Amaiurrek Odolkiak Ordainetan taldean abesten zuen. Hauek azken urteetan geldirik dauden arren noiz behinka kontzertuak ematen dituzte.



4.- Oain dela gutxi zuen aurreneko diskoa atera dezute. Nolakoa izan da oraingo disko honen
sorkuntza prozesua? Taldekide guztiak aurretik izanak zineten estudioan?

Diskoaren abestiak lehen kontzertua eman genuenean, apirilean, ia denak eginak zeuden. Kaña haundia eman genion geure buruari, argi genuelako kontzertu asko jo baino lehen, gure lehen erronka taldea disko batekin aurkeztea zela. Nahiz eta gutako batzuk estudioan egonak garen, disko honen prozesua berezia izan zen, udako zati handi bat hartu zigun eta Sound of Sirens estudioko Julenen pazientziak landu ditu abestiak.

5.- Aldarrikapen asko iten dezute zuen abestietan. Ze gai ikutzen ditu diskoak? Gustoa gerau al zeate emaitzakin? Nola lortu laike kopia bat?

Gaiak anitzak dira bai. Gure lurrarekiko maitasuna da, gure arbasoekiko errespetua, gazteriaren mozolokeria, laguntasuna eta falta direnekiko maitasuna, emakumearen jazarpen
egoera...Diskak hausnarketarako hainbat galdera botatzen ditu, bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Gu oso pozik geratu gara, uste dugu abestiek berritasun puntu bat ematen diotela estiloari eta lantzen ziren topikoetatik aldentzen saiatu gara. Lortzeko tokiak/bideak gure facebook orrian aurkitu daitezke!

6.- Nola sortzen dituzue abestiak? Zeinen ardura izatek abestien konposaketa?

Abesti gehienak Endikak akorde batzuekin lotuta ekartzen ditu lokalera eta bertan taldekideon aportazioak jasotzen dira. Batzuetan abestia ukitu batzuekin jaiotzen da, besteetan lanketa
gehiago behar du eta talde lan handiagoa exijitzen du.

7.- Kuriosidade bezela, zergatik abesten dezute inglesez, "We Don't Sing In English" abestia?

Ironiaren funtsa da esan nahi duzun hori, mezua alegia, kontrakoa esan nahi duen zerbaitekin
komunikatzea. Kasu honetan, abestiaren mezuak eta mezu hau komunikatzeko bideak talka egiten dute, baina justu hor iruditu zitzaigun izan zezakeela berezitasuna eta xarma.

8.- Euskal mitologiari keinu asko egiten diozue. Norena da honekiko afizioa? Eta zergatia?

Gure arbasoek imaginatu zuten mundu mitologiko hori gure identitatearen parte garrantzitsu
bezala ikusten dugu eta hala maitatzen dugu. Kristautasunak imaginario hori zapuztu zuelakoan gaude, jainko omnipotente bat asmaturik naturatik atera zituelako baskoiek gurtzen zituzten pertsonai mitiko horiek. Beti izango dira Euskal Kulturarentzat inspirazio iturri (edo beharko lukete).

9.- Duela zerbait, bideoklipa grabatu duzue. Nolakoa izan zen grabaketa honen esperientzia?
Zein kokagune azaltzen dira bideoklip honetan? Emaitzarekin gustura zaudete?

Dezente kostatu zitzaigun grabazioaren muntaketa egitea, baina benetan pena merezi izan du! Egia esan nahiko desmadre gara gauza hauetarako, eta askotan egunean bertan inprobisatzen genuen grabatuko genuena. Pazientzia asko behar izan dugu, bai guk zein batez ere gurekin lan egin dutenek! Doakie hemendik eskerrik beroena parte hartu zuten munstroei!
Bideoa Tafallako Plano mendiko ikuilu batean eta Baldorbako herri erdi hustu batean, Bezkiz-en dago grabatua. Artaxoako trikuharrietan zein bertatik hurbil dagoen historiaurreko aldare batean ere toma pare bat egin genituen. Oier Araiz herkideak egin zuen grabaketa eta muntaia.

10.- Nolakoak izaten dira zuen zuzenekoak? Zenbat abesti jotzen dituzue? Bertsiorik jotzen duzue? Zenbat zuzeneko eman dituzue?

Zuzenekoetaz hitz egitea ez da komeni, bertara joan eta bizi baizik. Nolakoak diren ikusi
gaituen jendeak esango dizu, ez guk. Abesti kopurua normalean antzekoa da, diska osoa gehi
bizpahiru bertsio. Orain arte 20-25 bat kontzertu emango genituen....ez gaude ziur.

11.- Taldekideen beste taldeak ikusiaz, pentsa dezakegu zuen influentziak infinituak izan
daitezkela. Zein talde hartu dituzue ordea erreferente gisa talde hau sortzeko orduan? Zein
talderekin partekatuko zenuteke eszenatokia?

Hala da, denetarik entzuten dugu eta kideon artean gustu ezberdinak egon daitezke. Dena den Oi! klasikoa, punk ingelesa eta rock erradikalarekiko maitasunak batu gintuen eta hauek hartu genituen oinarritzat, gerora diska nahiko heterogeneoa atera den arren. Influentzia bezala Vanilla Muffins, Evil Condut, Brigada Criminal, MCD, Badlands, Su ta Gar edo Fiachras izenda genitzake. Viking rock deiturikoaren kutsu apur bat ere soma daiteke, euskal mitologia eta nortasunaren ikuspegitik hartuta.

Eszenatokiko lagun bezala, gure estiloan aritzen diren euskal zein kanpoko taldeen konpainia da guretzat preziatuena. Jende humila, musika zale amorratua eta eszenatoki azpian lagun bihurtzen dena.

12.- Tafalla aldean nolakoa da musikaren egoera? Gazteak mugitzen al dira musika
errebeldearen inguruan, edo zuen abestian abesten dezuten patxangeoan erori dira? Zuen
inguruko leku gomendagarririk?

Nafarroako erdialdean azken urtetan talde ugari sortu dira, Tafallan bereziki. Punk eta Ska musikak indarra hartu dute eta kontzertuak antolatzeko taberna pare bat ere baditugu. Pasadizo taberna aipa genezake besteak beste. Jendeak gainera, antolatzen diren gauzetara joateko joera hartu du eta bolo politak ikusteko aukera izan dugu. Larragan ere badago mugimendua: Freeman tabernak zein Gazte Asanbladak noizbehinka kontzertuak antolatzen dituzte. Dena den, ez dugu ahaztu behar gazteriaren gehiengoak ez duela musikarekiko edo errebeldiarekiko leialtasunik. Onartu behar dugu asteburu normal batean, gurean ere; patxangeoz, giliz, makillajez eta postureoz inguratuta nazkaz hil zaitezkela.

Gure zonaldeko taldeei dagokienez, JaleO, Eskizosaurios edo Dinamita punk taldeak aipa genitzake.

13.- Nola ikusten duzue gaur egungo EH mailako eszena musikala? EH-ko talde askorekin
duzue harremana?

Euskal Herrian bi talde mota bereiztu ditzakegu, modu oso orokorrean hitz eginda: Disketxeen, festi handien eta komunikabideen onespena daukaten talde ezagunak alde batetik, gehienek musika munduan urte ugari daramatzatenak, eta euren kabuz ibiltzen direnak bestetik. Era prekarioan askotan eta ezagutzera emateko zailtasunak dituztenak. Rock erradikalak askori gehiegi markatu gaitu eta horrek nolabaiteko berrikuntza falta ekarri du abestien diskurtso batzuetan.

Oi! eta street-punk mobidari dagokionez, badirudi errautsetatik berpizten ari dela. Guri ezagutzea tokatu zaigun kasuetan behintzat oso harreman onak egin ditugu. Hemen gabiltzan talde, zale eta kideon erronka gure arteko anaitasuna mantentzea da, berriro mugimendu potente eta batua sortzeko.


14.- Fanzineak irakurtzeko zaletasuna ba al duzue? Zeintzuk?

Nafarroan ez dago asko eta gu beti gabiltza erdialde mailan zerbait egiteko ideiarekin, ea noiz eramaten dugun aurrera… Baina duela gutxi Kolpez Kolpe irratsaioko lagunek bat atera zuten, haien saioetako materiala bilduz. Kateak Astintzen, Breaking Rules, Run Together eta holakoak ere irakurri ditugu; sakanaldean ere atera ziren fanzine txukunak duela ez asko. Dena den, gaur egun interneten gure musika uztartzen duen blog eta web horri interesgarri asko dago, Condenado Fanzine-a kasu. Kultura musikala bermatzeko behar-beharrezkoak dira, taldeak aina, eta benetan eskertzen dugu paper atzean zabiltzatenon lana!

15.- Etorkizunerako ze asmo dituzue?

Oraina bizi baino ez. Momentuz “Oi! Baldorba” lau haizetara zabaldu nahi dugu, ahalik eta kontzertu gehien emanez. Gero, gerokoak. Hala ere, bigarren diska izan zitekeenaren horrentzako zirriborroak baditugula esan dezakegu.

16.- Galdetu ez dizuedan ezer balego, orain esan... Eskerrik asko!

GILI, KONTUZ IBILI! Zure kolonia usaia jarraitzea ez da zaila eta duela gutxi ETA-k izkutatutako zulo horietako bat aurkitu genuen. Abisatuta zaude!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina